Juan Bautista Tejada Sáenz del Prado

(Santo Domingo de la Calzada 1857 – Bilbao 1937)

Santo Domingo de la Calzadan (Errioxa) jaio zen 1857ko otsailaren 9an. Osasun-arrazoiak zirela medio Donostiara etorri zen, eta han Trinidad Duque de Estrada ezagutu zuen. 1896an ezkondu zen Trinitaterekin, eta urte batzuk geroago Villa Iruñara joan ziren bizitzera. 1908an eraiki zen, Trinidaden aitonak, Ricardo Duque de Estradak, Mirakruz Gainaren inguruan zituen lurretan, Altzako udalerrian. Izen hori darama Trinidad jaio zen hiriaren oroimenez. Ezkondu zirenetik, senar-emazteak Altzan bizi izan ziren beti. Zortzi seme-alaba izan zituzten.

Bere jarduera politikoa Logroñoko probintziako (gaur egun Errioxako Autonomia Erkidegoa) diputatu gisa hasi zen. 1903ko ekainean, 1905ean, 1909an, 1910ean eta 1916an senatari izendatu zuten. Logroñoko Diputazioko lehendakari izendatua izan zen, eta beranduago (1917an), bere merezimenduengatik aukeratua, biziarteko senataria. Senatuan oso lotuta egon zen beti Miguel Villanueva Gómez Gorteetako diputatuarekin, Santo Domingo de la Calzada barrutian. Beti defendatu zuen kausa monarkikoa, Alfontso XIII.aren fededun sutsua izan zelarik. Adrian Loyarte idazle eskuindarraren arabera, Tejadak monarkia ideal politiko gisa defendatzeaz gain, Espainiaren handitasunerako ezinbestekoa ikusten zuen.

Altzako alkate izan zen hainbat urtez, eta kargu horretan utzi zuen 1931ko apirilaren 12an udal hauteskundeak egin zirenean. Gurutze Gorriko presidenteordea ere izan zen.

1936ko uztailaren 18ko estatu-kolpeak Donostian izandako porrotaren ondorioz, Tejada Villa Iruñako bere etxean atxilotu zuten abuztuaren 15ean. Semeetako bik lagundu zioten, eta egun berean kartzelatu zituzten hirurak, Kursaal jauregian egokitutako kartzelan.

Faxistek hiria berehala okupatzen zutela ikusita, Tejada, bere bi seme-alabekin eta beste pertsona batzuekin batera, Bilbora ontziratu zuten irailaren 8an “Bizkargui-Mendi” ontzi-presondegian, ordura arte zementu-zakuak garraiatzeko erabiltzen zena. Itsasontzia biharamuneko egunsentian itsasoratu zen. Pedro Barrusoren ustez, lekualdaketa gogorra izan arren, bere bizitza salbatzeko beste saiakera bat izan zen. Muturreko milizianoek hil ez zitzaten eta justiziaren esku jar ez zitzaten.

Adin ezberdinetako hirurehun preso bi hilabetez egon ziren espetxean, lehorreratu eta kartzela gisa prestatutako Bilboko komentu batzuetara eraman zituzten arte. Juan Bautista Tejadak 79 urte zituen orduan, eta Angeles Custodios komentuan giltzapetu zuten; bere bi semeak, berriz, Karmeloko espetxera eraman zituzten.

Faxistek Bilbon egin zituzten bonbardaketa izugarriak oso txarrak izan ziren presoentzat. 1936ko abuztuko bonbardaketen ondoren Donostian gertatu zen bezala, milizia komunistek eta sozialistek Angeles Custodios espetxea erasotu zuten eta, zenbait saiakeraren ondoren, bertan sartu ziren. Eskuineko preso gehienak tiroz hil edo metrailatu zituzten. Horien artean hil zen Juan Bautista Tejada.

sortze data: 2020-11-30 / eguneratze data: 2020-11-30