Los Boscos auzuneko horma-irudiak

Los Boscos auzuneko bederatzi fatxadetan ikus daitezkeen horma-irudiak Miguel Angel Alvarez, Julio García Sanz, Tomás Hernández Mendizabal eta José Luis Iriondo artistek egin zituzten 1989. urtean, Donostiako Udalaren enkarguz.

Los Boscoseko bizilagunek laguntza eskatu zioten Udalari fatxadak eraberritzeko eta harreman horretatik sortu zen leihorik gabeko fatxadak arte lanekin janztea. Hasierako asmoa lau horma-irudi egitea izan zen, baina azkenean bederatzi egin ziren. Lau artistek elkarrekin lan egin zuten, baina bakoitzak askatasuna izan zuen horma-irudien gaiak aukeratzeko, orokorrean osotasun bat eta antzeko tonalitatea mantenduz.

Zortzi horma-irudik blokeen leihorik gabeko fatxada osoak betetzen dituzte (15 x 10 m), eta bederatzigarrena eliza eta komunitateko zerbitzuak dauden blokeren fatxada nagusian kokatuta dago, behealdean aldetik aldera (3 x 15 m).

Fatxadetako lanak 1988ko martxoan hasi ziren eta 1989ko ekainean bukatu. Kolore eremuetan oinarritutako diseinuen zirriborro batzuk egin zituzten artistek eta Cotexsa enpresa arduratu zen artelanak fatxadetan gauzatzen. Aurrekontua 30 milioi pezetakoa izan zen. Egurrezko listoiekin horma-irudien formak paretetan markatu ondoren marmol txikitua eta koloreekin tindatutako material apropos bat erabili zuten, metereologiaren gorabeheren eraginari aurre egiteko .

Horma-irudiak

1 – Zaldiko dantzari zuberotarra, Tomás Hernández.
2 – Zurriolako farola eta itsasoa, Miguel Ángel Álvarez.
3 – Arrantzontziak kaian, Julio García Sanz.
4 – Pottokak mendian, José Luis Iriondo.
5 – Arteak, Miguel Ángel Álvarez.
6 – Lana, Miguel Ángel Álvarez.
7 – Kirolak, Miguel Ángel Álvarez.
8 – Eguzkiari omenaldia, Miguel Ángel Álvarez.
9 – Pasioa, Julio García Sanz.

 

Erreferentziak

sortze data: 2020-05-25 / eguneratze data: 2020-05-27