Club Atlético Herrera

1960. urtearen inguruan, Herrerako parrokiaren “Los Luises” taldean, gazte talde bat (Isidro Pouzas, Jose Luis Salaberria, Jose Luis Zaspe,…), Don Marcos apaizaren laguntzaz, Club Atletico Herrera martxan jarri zuten.

Garai hartan, Herreran, futbola eta pilota ziren gazteak gehien erakartzen zituzten kirolak. Hala ere, Isidro, Maria Kristina Koloniako etxeetan jaio eta bizi zen, atletismora hurbildu zen Errenteria Atletismo Klubaren bitartez, bertan hasi baitzen krosetan eta pistako probetan korri egiten.

Korri egiteari gustua hartu zion eta zaletasuna Herrerara ekarri zuen. Herrera Atletiko Kluba sortu zuten, eta bera izan zen presidente eta entrenatzailea. Haur-mailako taldeekin hasi ziren, urte haietan oso ohikoak ez ziren arren. Ondoren Junior-mailako talderen bat ere izan zuten.

Nahiz eta hutsetik abiatu, talde batzuk maila ona izatera iritsi ziren. Urte batean, Gipuzkoako Kroseko txapeldunak izan ziren eta horrek Espainiako Txapelketara, Madrilera joateko aukera eman zien. Anoeta Kirol Elkartea, bigarrena izan zen, eta horiekin autobus berean joan ziren. Kros lasterketetan hasi ziren, baina ondoren pistako probak ere egiten zituzten.

Auzoan, krosak, koadrilen arteko txapelketak… antolatzen zituzten atletismoaren kirola eta praktika sustatzeko. Idazki honekin batera doazen argazkiak, 1963/1964 inguruan atera ziren eta Arrobitxulon egindako koadrilen arteko txapelketakoak dira. Parte hartu zuten koadriletako bat Roteta eta Santa Barbarakoa zen, eta taldekide bat Timoteo Perez zen. Berak eman dizkigu argazkiak. Timoteo jabalina jaurtitzeko proba irabazi zuen eta bigarren postua lortu zuen Kros proban (34 dortsala).

Isidrok garai hartako zenbait atleta gogoratzen du: Julian Olamusu, Aizmendi, Garcia…; eta, oso maila ona duen neska bat, Egaña. Azken hau, Atletiko San Sebastianek fitxatu zuen.

60. hamarkadaren amaieran, Los Luises-eko gazte horiek ezkontzen hasi ziren, beste batzuk Herreratik alde egin zuten eta horrela Herrera Atletiko Kluba bere bukaerara iritsi zen.

Informatzailea: Isidro Pouzas Iraola “Pausas”

1969ko urtarrilaren 8ko batzarrean desegina. (El Diario Vasco, 1969-01-14)

sortze data: 2019-02-22 / eguneratze data: 2020-01-16