Espartxo baserria

Espartxo Ametzagainaren hego magalean dago, Urumea ibaiaren eskuineko ertzean, Ubarako bidearen eta zubiaren ondoan. Historian zehar Altzaren mugapean egon da eta bere ondoan Altza eta Donostiaren arteko 4. mugarria aurkitzen da.Dokumentuetan aurkitzen dugun etxe honen lehen aipamena  1719. urtekoa da, Berwickeko dukearen setioaren ondorioz kaltetutako jabetzen zerrendan, eta bertan Vicenta Pasola ageri da etxeko jabe gisa.

Urte batzuk beranduago, 1736. urtean, Gipuzkoako Agiritegi  Orokorrean dagoen dokumentu batean aurkituko dugu Espartxo, oraingoan Miguel de Arrago eta Jose de Gaiztarroren arteko auzi batean, baserriaren banaketa zela eta.

Data horietatik aurrera, Espartxo Altzako etxe zerrenda guztietan agertuko da,  -San Martzialen eliztarrak, Urumeako zilegi mendien etekinen banaketa, izendegietan…- , gaur egun arte.

Dokumentuetan jasotzen den etxearen izena “Esparcho” izaten da, batzuetan “Esparchu” bezala ere idatzi da eta behin bakarrik “Esparta”. Ez dakigu izena nondik datorren.

Etxaurrean figura nabarmen bat dago, armarri moduan kokaturik, atentzioa deitzen duena. Felix Elejaldek dio san Kristobal irudikatzen duela eta Txomin auzoan bizi izan zen Jose Lopetegi eskultoreak egina dela, baina, Lopetegi 1896. urtean jaio zenez eta 1912. urtea (Espartxoko zubiaren eraikuntzaren data) baino lehenagoko argazki batean figura bertan ikusten denez, zalantzan jarri behar da baieztapen hori eta bai irudiaren jatorria eta baita zer irudikatzen duen ere ezezaguna izaten jarraitzen du.

Gorago aipatu den bezala, Altza eta Donostiaren arteko laugarren mugarria etxe ondoan kokatuta dago. Mugaketa hori, orain arte egin den azkena, 1939. urtekoa da, baina, dagoeneko 1818. urtean, Altzak Diputazioaren aurrean independentzia eskatzeko idatzitako eskabidean Espartxo aipatu zuen bere lurraldearen mugetako bat bezala.

Espartxo, bestalde, ontziraleku txiki bat zeukan, beste gauzen artean ibaiertzaren alde batetik bestera igarotzea erraztuko lukeena, zubia eraiki arte. Zubia 1912ko irailaren 15ean zabaldu zen, Mesedetako Amaren Erietxearekin batera eta honi zerbitzua emateko.

2010. urtean Donostiako Udalak ordura arte Plan Orokorrean zeukan babesa kendu zion Espartxori.

Erreferentziak:

Iturria: Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, Moreno, 2511/18, 1320 eta segidako folioak

Espartxo Altzako Tokiko Bilduman

Espartxo Estibaus blogean.

Espartxo Behin batean Loiolan liburuan:

IX. Casas, caseríos y palacios

ESPARTXO. Caserío convertido en casa de vecindad. En el “antiguo límite” con Altza. Es uno de los que solicitó pertenecer a la parroquia de Sagrado Corazón. Tuvo un conocido puerto fluvial.

X. Txomin-Enea, honen ingurunea eta bertako biztanleak

“Erdialde gainean dorrea eta kantoian armarria dituela ageri da aspaldiko argazkietan Txomin-txiki. Zenbait erliebe han daude Gil-enean, eta San Kristobalen ezkutu ederra Espartxo etxean: Joxe Lopetegi irudigilearen lanak, batak eta bestea.”

“Joxe Lopetegi irudigilearen odolekoak izan ziren gogoratzen diren Espartxo baserriko biztanle aspaldikoenak. Esan bezala, etxe horretan zegoen San Kristobalen ezkutu bikaina. Hona izenda daitezkeen beste zenbait etxe: Olazaldegi baserria, RENFE tunelaren ondokoa: Bideondo, Hipikan dagoena: Kapoene (etxeberriaterrena, Hipika egin behar zela eta, bidegabekeriaz jabegoa kendu izan zitzaien haiena), Antzieta, Bernartegi, Kristobaldegi-txiki, Uba, Ubagoia (Urkizutarren etxea), Ubegi (Garmendiatarrena), Laskinene (ganaduzale onen etxea), Plazentzi (Ibarburutarrena).”

“Ezinbestez, sagardotegi eta tabernak gogoan jasotzekoak dira: Oiartzabal-darrek zuten Espartxo-ene sagardotegia: Antzietan, Etxeberriatarrak… “Bar Joxe Mari”, Paskoaldegi-berrian kokatua: “Bar de el medio”, Gonzalezena. Honen alaba Marisol, irrati-telebistan, izen zabaleko esataria izan zen. “Bar Shanti”, Benta-berrin zegoena: “Beste aldekoa”,ostera, bere garaian, tea egin eta saltzen zuen.”

Espartxo zubia

Zubi hau joan den mendearen hasieran eraiki zen Espartxo izeneko baserri eta portuaren ondoan kokatutako ibi batean. Ibia Donostiako Loiola eta Egia barrutien eta Altza herriaren ertzean edo mugan zegoen; Altzak adibidez, mugartea beti mugarrituta izan zuen eta Espartxo Baserriaren ondoan zuen muga (baserri hau Altzakoa izan zen beti). 1934an (Altzako hiribildua hiriari anexionatuta geratu zen urtean) (sic), udal-mugarteen mugaketa egin zen eta, testigantza bidez jasota geratu zenaren arabera, zubi honen eskuineko estriboan udal-mugarteen mugaren 2 zenbakiko mugarria kokatuta zegoen. Zubi honi “Espartxoko Zubia” deitu izan diote beti inguruko baserritar guztiek. “Txomineko Zubia” izena ere erabili ohi da, hiri-inguruneko pertsonek batez ere. Izen horiez gain, “Kuartelatzeko Zubia” eta “Puente de la Casera” izenak ere erabiltzen dira. Azken hau oso ezaguna da eta gaztelaniaz hitz egiten dutenen artean erabiltzen da bereziki.

ROQUERO USSIA, Mª Rosario: La vida cotidiana en Altza en los siglos XVII y XVIII. Artiga Bilduma 2. Altzako Historia Mintegia (1997), 95 or.

TELLABIDE AZKOLAIN, Josu: “Ezagutzen al duzu Altza?” In: Hautsa Kenduz VI (2001), 63-84 orr.

La odisea del mojón: http://www.diariovasco.com/20080504/san-sebastian/odisea-mojon-20080504.html

sortze data: 2012-10-03 / eguneratze data: 2016-06-09