Joxe Orbegozo Igartua “Milles”

Joxe Orbegozo, ezkerrekoa (Orbegozo familia, 1948)

Joxe Orbegozo Igartua “Milles” (Altza, ? / 1993-03-21). Miravalles / Milles baserrikoa. Pilotariaria izan zen. Familia iturrien arabera, bost aldiz Euskadiko txapelduna eta bi Espainiakoa zen.

Manuel Zapirainek kontatu zuenez, “Gure garai inguruko batzuak, esateko: Otaegi, Goikoetxea ta Orbegozo. Au izandu zan geiena nabarmendu zana. Nik lenguetan ezagutu detan onena, afizionatuetan ibili zan iritxirik Españiko txapeldun izatera, Loiolako Etxarri lagun zuela.”

Bestetik, Antxotarrok Historia Mintegiaren eskutik beste kronika hau jaso dugu: “1935eko neguan Gipuzkoako Batzoki arteko pelota txapelketa hasi zen, eta antxotarrok Jose Manuel Linazasoro (Txulofronton) eta Jose Orbegozo bikotea aurkeztu genuen. Alegia, aurkeztu zuen batzokiak. Linazasoro aurrelari beldurgarria zen, eta normalean Abaliarekin jokatzen zuen. Biak antxotarrak. Baina Abalia gaixotu egin zen orduan, eta beste atzelari bat bilatu behar izan zuen, Josetxo Milleskoa. Hogeita bi partida jokatu zituzten, eta 21 irabazi, Errenteriako batzokian jokatu zen finala barne, 1936ko otsailean edo martxoan, hor nonbait. Gipuzkoako Txapeldunak beraz, antxotarra eta altzatarra (nahiz Antxoko batzokia ordezkatu). Kopa oso polita zen diseinuz, estilizatua, dotorea. Ikurrina bat zeukan itsatsia, eta azpian “Gipuzkua’ko Txapelketa” jartzen zuen. Gerra heldu zen eta ikaratu egin ziren: ikurrina kendu, zaku batzutan bildu eta Millesko ikuiluan ezkutatu zuten. Gero, handik urteetara, kopa berriz atera eta zozketa egin zuten nork eramango: Antxora etorri zen. Juantxo Linazasoro aita bezain aurrelari bikaina izan dugu, palaz. Berak hartu zuen kopa aita hildakoan, eta kaliz bat baino distiratsuagoa dauka.”

Erreferentziak:

  • Joxe Orbegozo Altzako Tokiko Bilduman.
  • Manuel Zapirain: “Altza lenago zer zan“, in: Altza Hautsa Kenduz VI (2001), 53. or..
  • ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA: Altzako euskarazko kronikak (1921-1936). Artiga Bilduma 7. Altzako Historia Mintegia (2010), (K 111, 112) 92, 94 orr.
sortze data: 2012-11-12 / eguneratze data: 2023-09-11